|
KONDIA osatzen dugunon iritziz, gure enpresak sustraituta
dagoen gizartearen sentikortasunarekin bat egin behar du, eta haren beharrak
asetzen saiatu.
Ildo honetatik KONDIAn jabetzen gara gizartean euskararen alde egiteko eskaera eta gogoa dagoela, baina jakin badakigu, nahiz eta hainbat arlotan eskaera horri erantzuten zaion, ez dela gauza bera gertatzen lan munduan. Ikastetxeetatik datozen ikasleek dakarten euskarazko jakituria eta aberastasunak enpresa eta lantegietan erabiltzeko mugak dituela ikusita, hutsune hori gainditzen lagundu ahal izateko sortu dugu. Beraz, hiztegi honen helburu nagusia, gure esparruan, hau da, makina erreminta arloan, euskararen erabilera errazteko laguntza eskaintzea da batetik, eta, bestetik gure hizkuntza munduan ezagutzera ematea. Hau lehenengo pauso bat besterik ez da, horretaz gain, barne eta kanpo harremanetan, agirietan, aplikazio informatikoetan euskararen erabilera bultzatu edo handitzeko ahaleginean plan bat jartzea beharrezkoa iruditzen baitzaigu, hezkuntza arloan euskarak lortutako mailak lan munduan jarraipena izan dezan. Bestalde, hiztegi honetan hizkuntzak hautatzeko erabili dugun irizpideak ere badu bere arrazoia. Alde batetik, Euskal Herriko hiru hizkuntzak sartu baititugu; eta, bestetik, gure merkatuan erabilienak diren hizkuntzak, beti ere, euskara beste hizkuntzekiko erreferentea izanik. KONDIAren 50. Urteurrenean euskararen aldeko aurrerapausotxo bat gehiago eman nahi dugu hiztegi honen argitalpenarekin arlo honetan lan egiten duten beste askorentzako probetxugarria izango delakoan, eta aurrera begira egingo diren beste hainbat lanen oinarri. Beraz, hiztegia erabiltzera animatzen zaituztegu, eta Beñat Etxepare-ren hitzak geure eginaz "euskara, euskara, jalgi adi mundura, plazara eta tailerrera".
|